Droga kontsumoen eboluzioa Garai batetik hona zenbait drogaren kontsumoa handitu egin dela uste dugu. Gainera, gero eta gazteago hasten dira drogak hartzen. Orain errazagoa da drogak kontsumitzea, izan ere, lehen baino merkeago eta errazago eros baitaitezke. Sustantziei dagokienez, alkohola, tabakoa eta kanabisa dira gazteen artean zabalduenak. Nerabeok aipatutakoen eta bestelako drogen artean aldeak ikusten ditugu. Drogen gaineko estereotipoak Helduek uste dute gazteok aldi oro mozkortzen eta drogak hartzen ibiltzen garela. Eta ez da horrela. Zeinahi adin tartean gertatzen den moduan, badira drogak kontsumitzen dituztenak eta kontsumitzen ez dituztenak. Helduen artean gauza bera gertatzen da. Uste dugu hedabideek gure irudia itxuraldatzen dutela, izan ere, zenbait programatan soilik edateko biltzen den pertsona talde moduan agertzen baikara. Gure gurasoek ikusten dituzte programa horiek. Hori dela eta, kalera irteten garen bakoitzean telebistan ikusi dutena egiten dugula uste dute. Gazte askok, ordea, ez dute kontua horrela ikusten. Gure ustez, generalizazioek arduragabe itxura ematen digute, baina inguruan ditugun gauzek benetan kezkatzen gaituzte. Drogak kontsumitzearen arrazoiak Gure iritziz, taldeak egiten duen presioak berebiziko garrantzia du, zeinahi motako kontsumoari ekiteko orduan. Inork ez du taldeko xelebrea izan nahi eta, taldekoen onespena lortzeko, mundu guztiak egiten duena egiten dugu. Horrez gain, ateratzen garenean sustantziaren bat hartzen badugu, ausartago ikusten dugu gure burua. Izan ere, alkoholari esker desinhibitzen baikara, eta hobeto pasatzen dugu. Bestalde, alkoholaren alderdi kulturala nabarmendu nahi dugu. Gure kulturan bazkaz ospatu ohi da zeinahi gertakizun eta, normalean, asko edaten da ere. Hori da guk ikusten duguna. Amaitzeko, gure ustez familia arazoek, komunikazio txarrak eta konfiantza falta, gazteak kontsumitzera bultzatzen dituzte, nahiz eta arrazio garrantzitsuena ez izan. Drogak kontsumitzearen arriskuak Zeinahi droga kontsumitzea arriskutsua dela uste dugu. Norbaitek kontsumitzeko ohitura baldin badu, bere bizitzaren hainbat alor okertu daitezke, besteak beste, familiarekiko harremana eta eskola errendimendua. Gorputzak, halaber, drogak kontsumitzearen zenbait ondorio pairatzen ditu; hala bihotzeko, biriketako eta gibeleko arazoak nola gaixotasun metalen bat izateko aukera handia. Horrela, pertsona talde batek droga gehiegi hartzen duenean, kalean liskarrak gertatu eta arrisku handiko harreman sexualak izan ditzakete. Azken horren eraginez, nahigabean haurdun geratu edo sexu harremanen bidez transmititzen diren gaixotasunak har daitezke
No hay comentarios:
Publicar un comentario